Zabalarra Eskola

Ukitzeko artea

Martxoko lehen hamabostaldian, gure eskolak esperientzia artistiko berezi eta berritzailea bizitzeko aukera izan du Ukitzeko artea (irisgarritasun bisualeko programa) ekimenari esker.

Proposamen honen bidez, ikasleek Bilboko Arte Ederren Museoko bilduma iraunkorreko zortzi lan ezagutzeko aukera izan dute, baina ohiko modutik harago: kasu honetan, ukimenaren bidez; horrela, artea sentitzeko eta ulertzeko beste bide bat esploratu dute. Artelanak historiako garai desberdinetako arterlanen erliebedun kopia ukigarriak dira.

Ekimenak, gainera, ikusmen-urritasuna duten pertsonentzat pentsatutako irisgarritasun neurriak ezagutzeko aukera eman digu, eta aldi berean, ikasle guztiei esperientzia artistiko inklusiboago eta aberatsago bat bizitzeko aukera eskaini die. Esperimentazio-tailerrean, parte-hartzaileek material ezberdinak ukitu, formak eta testurak aztertu eta artearekin modu aktibo eta sortzailean harremantzeko aukera izan dute.

Obren ezaugarriengatik, jarduera batez ere Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta egon bada ere, gure txikienek ere ezin izan diote tentazioari eutsi, eta zentzumenekin artea esploratzera animatu dira. Haientzat ere esperientzia aberasgarria eta dibertigarria izan da, artea ukitu, sentitu eta bizitzeko modu berriak deskubrituz.

Zalantzarik gabe, jarduera honek beste behin erakutsi digu artea guztiontzat dela, eta badirela hura bizitzeko modu asko eta anitzak.

 

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top